XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), normalean beren aurpegietan azerien maltzurkeria erakusten zuen jende guzti hark, ¿tú les entiendes? numeroari eta honek bizkarra jaso besterik ez, eta maldizioka sarjentoa marinel bat gurutzatu eta irrifarka zer moduzko gaua pasa dugu bart, sarjento, bota zionean.

Jende guztia iruditzen zitzaiola sarjentoari gauez gertatutakoaren jakinaren gainean eta kezkari garrantzia kendu nahirik numeroa.

Moila gaineko barandila batean bi besoak bermatu eta kurruskak entzun zizkion sabelaldiari.

Herritik barraranzko bidean ibaia galtzen zen lehen meandroan popa eihar, indartsua agertzen ikusi zutenean berehala ukalondokada eman zion numeroari, miralos, Martin de Tours-en margo gorri-beltzak nagusitu zitzaizkion ibaiari.

Moila utzi eta Etxetxo tabernara sartu ziren sarjentoaren kurruskadak vermuth baten bidez baretzera.

Herritarrekin atsegin eta goxo baina sarjentoarekin erratza bera baino latzago jokatzen zuen tabernako etxekoandreak eguerdi hartan egin zion harrera apartak burutu zuen sarjentoaren erabateko hondorapena, parecemos payasos.

Trago batez irentsi zuen vermutha.

Hogei urte botatakoa zen herrian eta hain denbora luzean lortutako begiramen guztia gau bakar batek desegin behar ziola pentsatze hutsak berritu zizkiola sarjentoaren sabelari gurutzatzen zitzaion jendeak entzuteko moduko kurruxkada gero eta saminagoak.

No exagere, numeroak, baina sarjentoak ezizenetara hain emana zen herri hartan betidanik sarjento soil batez ezagutu eta agurtu izan bazuten ere, zerbait erantsiko ziotela handik aurrera.

Koarteleranzko bidean pintada bat: sarjento Tampax, klera zuriz idatzita horman.